Bilaketa aurreratua

Ogi apurrak

Egungo Euskararen Hiztegia (EEH)

izutu, izu(tu), izutzen 1 da ad izua sentitu.

Erizainak ispilu bat ekarri dit azkenean: izutu naiz.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 258. orr.

Hondarra ikusi nuenean, harea hain hurbil, izutu egin nintzen une batez, batere motiborik gabe.  Joxe Austin Arrieta   «Homo Faber» - Max Frisch, 2001 - 37. orr.

Gaixotzen naizenean, izutu egiten nauk, nirea ez den zerbait gastatzen ariko banintz bezala.  Xabier Olarra   «Azken hitzordua» - Sandor Marai, 2003 - 52. orr.

Aldian behin, haurraren soiltasuna urratu ahala, susmatzen genituen inguruan, ezkutuko armiarma batenak bailiran, gogortasunaren, erruki ezaren edo krudelkeriaren hariak, eta izutu ere egiten ginen heriotza aurrez aurre jartzen zigutenean.  Bernardo Atxaga   «Lekuak», 2005 - 72. orr.

Ez izutu, ez izan beldur jendetza izugarri horren aurrean.  Elizen arteko biblia   2 Kro 20,15

Txundi zaitezte, beraz, zeruok! Izu zaitezte eta ikaratu!  Elizen arteko biblia   Jr 2,12

Izutu beharrean, harrotu egin zen, eta mendekua nondik hartuko zebilen.  Juan Kruz Igerabide   «Hauts bihurtu zineten», 2005 - 216. orr.

Teknologia berriekin izutu beharrean, gure alde jartzen saiatu gara.  Berria - Kultura   2004-07-10

-Harrapatu gaituzte! -izutu zen Ginebra-.  Juan Kruz Igerabide   «Artur erregearen heriotza», 2005 - 65. orr.

Zamako abereak suaren inguruan jartzen direnean izutu egiten baitira.  Santiago Iruretagoiena   «Arkitekturaz hamar liburuak» - Vitruvio, 2000 - 2950. orr.

Ez zegoen izutua, haserre baizik.  Juan Kruz Igerabide   «Hauts bihurtu zineten», 2005 - 224. orr.

Prokuradoreak urrats bat egin zuen, gibelera, izuturik.  Elena Touyarou   «Hautsi da katea» - Toti Mtz. de Lecea, 2004 - 192. orr.

Arrebak, nebaren jarreraz izuturik bazegoen ere, ahalik sosegatuen hitz egin zion: [...].  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 67. orr.

Marquesito ere izututa atera zela ihesi, benetako koldar bat bezala, gainera, Susana bakar-bakarrik utzita.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 311. orr.

Halere, inauteri bera baino, aratuste kontuak gehiago astindu izan dira gure inguruotan, garizumako barau eta bijiliak izututa.  Pello Zabala   «Naturaren mintzoa», 2000 - 82. orr.

Izututako tximu eroa bezala oihuka.  Jesus Mari Mendizabal   «35 kilo esperantza» - Anna Gavalda, 2004 - 21. orr.

Izutzeko negua egin zuen urte hartan.  Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant, 2000 - 141. orr.

2 (nola adizlagunekin)

Etxekoandrea ikaragarri izutu zen deabruaren aipamena entzutean.  Jose Morales   «Arima hilak» - Nikolai Gogol, 1998 - 85. orr.

Izugarri izutu zela, noski, red skin haiek atzetik segika zituela ohartzean.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 26. orr.

Trelawney andereñoa oso izutu zen.  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sorgin harria» - J.K. Rowling, 2000 - 263. orr.

Lagunak zeharo izutu ziren; eskuetatik arraunak askatu, eta uretara erori zitzaizkien.  Juan Kruz Igerabide   «Ulises» - Homero, 2000 - 85. orr.

Erabat izutua zegoen eta gorputza dardar, bihotzean nolako atsekabea zuen begira zeudenek igartzeko eran.  Elizen arteko biblia   2 M 3,17

Erabat izuturik eta ikaraturik, sakanean barrena barreiatu ziren denak ihesi, elkarri itxaron gabe.  Jose Antonio Mujika   «Agindutako lurraren bila II», 2002 - 158. orr.

• 3 du ad izua sentiarazi.

Eginkizunaren zailtasun guztiak azaldu nizkion Dolmancéri; ezerk ez zuen izutu.  Juan Martin Elexpuru / Bego Montorio   «Filosofia apaingelan» - Sade, 2001 - 71. orr.

CNTko partida bat zebilela gerra beren aldetik egin nahian, inguruko baserritar guztiak izutzen.  Inazio Mujika Iraola   «Gerezi Denbora», 1999 - 98. orr.

Erle artera sartu beharrak arras izutu nau.  Pako Aristi   «Urregilearen orduak», 1998 - 70. orr.

Ikusi ikusten baitzuen otsoen ipuinek ez gintuztela askorik izutzen.  Xabier Mendiguren Elizegi   «Arima enkoniatuak», 2006 - 178. orr.

Apur bat izutu ninduen haren aurpegiak; ez soilik hazpegi gogorrak, nolabait gizontasun gehiegizkoak, zizelez landua bailitzan, ezpada haren azalaren ubel biziak, [...] haragi bizia islatzen zuenak.  Urtzi Urrutikoetxea   «Zoririk ez» - Imre Kertész, 2003 - 201. orr.

Izutu egin du Luis telefono hotsak.     «Eta emakumeari sugeak esan zion», 1999 - 99. orr.

Orain esanda hain zaila ez dirudien arren, hartan pentsatze hutsak izutu egiten ninduen.  Ramon Saizarbitoria   «Gorde nazazu lurpean», 2000 - 366. orr.

Iraganak erakartzen nau, orainak izutzen, etorkizuna heriotza delako.  Josu Zabaleta   «Fantasiazko ipuinak» - Guy de Maupassant, 2000 - 195. orr.

Etorkizun jakina aspergarri mortala delako eta etorkizun ez-jakina izutzeko moduko muturrarekin agertu ohi delako.  Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo», 2005 - 129. orr.

-Jaso buru hori! -agindu zidan, gainerakoak erabat izutu zituen doinuaz; amaituak ziren txantxak.  Juan Kruz Igerabide   «Hauts bihurtu zineten», 2005 - 22. orr.

Gero apur bat izutu ninduen gauza bat gaineratu zidan.  Hasier Etxeberria   «Mutuaren hitzak», 2005 - 76. orr.

Isiltasunak izutu egiten gaitu.  Pako Aristi   «Urregilearen orduak», 1998 - 107. orr.

Hasieran bizitasun hura harrigarria gertatu bazitzaidan ere, azkenean nahasi, menderatu eta guztiz izutu ninduen.  Koro Navarro   «Kontakizunak» - Edgar Allan Poe, 2000 - 83. orr.

Ez zaitzatela zeure burutazioek izutu; ez daukazu zertan zurbildurik.  Elizen arteko biblia   Dn 5,10

Izutu eta uxatu ez ezik, gizonak mututu ere egin ditu txoriak.  Iñaki Segurola   «Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo», 2005 - 78. orr.

Sinesberak izutzeko asmaturiko ipuina da.  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sekretuen ganbera» - J.K. Rowling, 2001 - 130. orr.

Hilotza kanpora atera, eta aurre egin ziotenei beste erasoaldi bat egin zien, denak izutzeko modukoa.  Juan Kruz Igerabide   «Artur erregearen heriotza», 2005 - 66. orr.

4 (era burutua izenondo gisa)

Krinolinaz jantzitako emakume-talde izutu baten aurrean agertzen ikusi zuten berriro.  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sorgin harria» - J.K. Rowling, 2000 - 85. orr.

Bi emakume menperatu, izutu eta zorigaiztoko.  J.M. Olaizola "Txiliku"   «Bizitza eredugarriak», 2006 - 34. orr.

Ez zen hiritar izutu eta melenga haietarik.  Itxaro Borda   «%100 basque», 2001 - 110. orr.

Musu eman zidan bertan, ezpain izutuetan.  Aritz Gorrotxategi   «Egurra Pinotxori», 2002 - 85. orr.

Marisak mutu besarkatzen zuen, niri begi ertzetik begira, orein izutu batek bezala.  Juan Kruz Igerabide   «Hauts bihurtu zineten», 2005 - 85. orr.

Bere hezurduraren hotzikara sorgorra, piztia izutu batenaren antzekoa.  Joxean Agirre   «Romain zen bere izena», 2003 - 86. orr.

Begirada izutu eta beldurrezko batez.  Xabier Olarra   «Antropologo bat Marten» - Oliver Sacks, 2003 - 88. orr.

Erabateko isiltasuna egin zen, garrasi izutu txiki batek bakarrik hautsi zuena.  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta sorgin harria» - J.K. Rowling, 2000 - 219. orr.

Zaldien irrintzi izutua entzun zen tupustean.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 79. orr.

Zeruko aingeruek eskua eman ziezaiotela bere arima izutuari, horrenbertzez.  Aingeru Epaltza   «Mailuaren odola», 2006 - 151. orr.

Norak, errezelo izutua begietan, keinu egin zuen bekaina jasorik Andreasek zer adierazi nahi ote zuen jakiteko.  Anjel Lertxundi   «Azkenaz beste», 2005 - 119. orr.

Gogoratzen dudan bakarra, oso larri ibili nintzela, gero eta izutuago Ashbury eta Frederick kaleen gurutzean sortutako kidetasuna galduko genuelakoan.  Bernardo Atxaga   «Soinujolearen semea», 2003 - 33. orr.

· Banekien nahita egina zela, baina harritu eta izutu itxura egin nuen.  Josu Zabaleta   «Anne Franken egunkaria» - Anne Frank, 2004 - 43. orr.

Han zegoen bera, ispiluan islatuta, zurbil eta izutu-itxuraz.  Iñaki Mendiguren   «Harry Potter eta Azkabango presoa» - J.K. Rowling, 2002 - 187. orr.

Izutuarena egin behar nuen, baina ez larregi.  Koldo Izagirre   «Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri», 1998 - 10. orr.

5 izutuxe izutu xamar.

Sofi denbora tarte luzean egon zen geldirik zaldiaren ondoan: isilik, harriturik, izutuxea.  Fernando Rey   «Ararat mendiaren sumina» - Yasar Kemal, 2003 - 17. orr.

Ez, ez duk hori -pentsatu nuen agudo, izutuxea konparatzeagatik gertatuko zitzaidana eta hodeitzar beltz horietako batek mehatxatutako hiriari gertatu behar zitzaiona-.  Fernando Rey   «Hobe nuen etxean gelditu» - Horace McCoy, 2002 - 78. orr.

 



Nodoa: liferay1.lgp.ehu.eus