Itzulpenak
Itzultzea da abiapuntuko testuak (sorburu-testuak) dioen guztia esatea, ez dioen ezer ez esatea, eta esaten dena ahalik eta hizkera natural eta jatorrenean adieraztea (xede-testua).
Horretarako, xede-hizkuntzaren ezaugarriak hartu behar dira aintzat, eta irakurleari edo entzuleari ulertuko duen testua eskaini.
ITZULPEN-PROZEDURAK
GAUZA BERA ESATEKO MODU DESBERDINAK
Cursos de preparación de exámenes de grado.
a) aukera: Lizentziatura-gradua prestatzeko ikastaroak.
b) aukera: Lizentziaturaren gradua prestatzeko ikastaroak.
c) aukera: Lizentziatura-graduaren prestakuntzarako ikastaroak
d) aukera: Lizentziatura-graduaren prestakuntza-ikastaroak
Laurek mezu bera adierazten dute, baina itzulpen-teknika ezberdina erabilita. Horregatik, komeni da teknika horiei begiradatxoa ematea.
ZUZENEKO ITZULPENA
1.- MAILEGUA
Xede-hizkuntzan kontzeptu bat adierazteko hitzik ez dagoenean, sorburu-hizkuntzako hitza hartzen da.
Errekurtso, espediente, ordenagailu...
Euskarak betidanik hartu ditu maileguak; baina baita hitz berriak sortu ere; hala nola, hitz elkartuak eta eratorriak (atzizkien bidez sortuak)
2.- SINONIMIA
Hitzak berak dioenez, sinonimoak erabiltzea.
Agiria/dokumentua; laguntza/babesa/sorospena...
3.- KALKOA
Sorburu-hizkuntzako sintagmaren egitura kopiatzen da.
via-bili-dad/bide-ragarri-tasun
cali-fica-ción/balio-es-pen
4.- HITZEZ HITZEKOA
Jatorrizko testuko hitz bakoitzari xede-hizkuntzako beste hitz bat dagokio.
Los documentos están terminados
Dokumentuak amaituta daude
ZEHARKAKO ITZULPENA
5.- TRANSPOSIZIOA
Sorburu-hizkuntzako zati baten gramatika-kategoria aldatzen da xede-hizkuntzan.
Máquina (1-izena) perforadora (2-adjektiboa)
Zulatzeko (2-aditza) makina (1-izena )
6.- MODULAZIOA
Ikuspuntu-aldaketa da.
Instituciones Comunes de la Comunidad Autónoma Vasca
Euskal Autonomia Erkidego osorako erakundeak
7.- BALIOKIDETASUNA
Modulazio-mota bat da; errefrauak, esaera zaharrak, publizitateko mezuak... itzultzeko erabiltzen da.
Gorriak ikusi/ pasarlas moradas
8.- EGOKITZAPENA
Mezua egoera baliokideen bidez ematea.
Santa Claus/ Olentzero
9.- ZABALKUNTZA
Jatorrizko hizkuntzan baino hitz gehiago erabiltzea xede-hizkuntzan.
Zamalanak/ labores de carga y descarga
10.- AZALPENA
Jatorrizko testuko zati bat azaldu egiten da xede-hizkuntzan, mezua argiago emateko, hau da, ondo uler dadin.
Guía de autoempleo/ Nork bere lanpostua sortzeko gidaliburua
11.- EZABAPENA
Jatorrizko testuan sobera dauden unitateak ezabatzea edo kentzea xede-hizkuntzan.
Habilidades o destrezas/ trebetasunak
12.- KONPENTSAZIOA
Edozein teknika erabiltzeak dakartzakeen deskonpentsazioak orekatzea; hau da, itzulitako testuan galtzen dena gehigarri modura ematea.
Facilitamos tu acceso a la universidad
Gure laguntzarekin errazago sartuko zara unibertsitatean.
ARAZOEI AURRE EGITEN
Testuak itzultzean, beste arazo batzuekin egiten dugu topo. Hona hemen horietako batzuk.
* DESEGIN ETA BERREGIN
Batzuetan itzuli beharreko testuak bihurriak dira; besteetan, txarto idatzitako lerroaldeak; edo besteetan, datu-karga itzela dago. Horrelakoetan "desegin-berregin" teknika dugu egokiena.
Teknikak hiru aldi ditu, bakoitza ezaugarri berezi batzuekin:
a) Testua desegitea (analisia): sorburu-testuan azaltzen diren ideia nagusiak zerrendan jarriko ditugu: oinarrizko esaldi modura antolatu, beren arteko loturarik gabe. Maila honetan, normalean, arazo lexikalak (hitzak) baino ez zaizkigu agertuko.
b) Zubia: sorburu-hizkuntzako oinarrizko esaldiak xede-hizkuntzako oinarrizko esaldiak bihurtu (itzulpena bera).
c) Testua berregitea: xede-hizkuntzako oinarrizko esaldiak xede-hizkuntzako diskurtso modura eratu.
* PUBLIZITATE-KANPAINETAKO LELOAK
Arazoa hitz-joko eta metaforekin hasten da. Kontu honetan ez dago formula magikorik. Irtenbide bakarra buru-gimnasia da.
SIN TU APOYO SIDA, CON TU APOYO VIDA
ZURE LAGUNTZARIK GABE HIES, ZURE LAGUNTZAREKIN...
LAGUNTZARIK GABE HIES, LAGUNTZAREKIN HI EZ
* FORMATUEN EGOKITZAPENA
Hainbat testu euskaratzen ditugunean, batzuetan konturatu gabe, besteetan nahita, gaztelaniazko testuaren ereduaren arabera egiten ditugu askotan; hori gertatzen da, adibidez, inprimakiekin. Adibidea
* JATORRIZKO TESTUTIK HURBILEGI ITZULTZEAREN ARAZOAK:
Sorburu-hizkuntzako hitz bakoitzaren kategoria gramatikalari ez dagokio nahitaez kategoria bereko beste hitz bat; beharbada bai, beharbada ez.