Azpidazki

 
  • azpidazki
  • Jakiteko
    • Arauak
      • Data
      • Ordua
      • Zenbakiak
      • Helbideak
      • Laburtzapenak
      • Letra larriak eta xeheak
      • Idaz-estiloa
      • Puntuazio-zeinuak
      • Testuak ele bietan
      • Erderakadak + hiztegi batua
      • Euskalkiak
      • Unibertsitateen izenak
      • Udalerriak
      • Itzulpenak
    • Gramatika
      • Alfabetoa
      • Aditza
      • Deklinabidea
      • Hitz amaierako-a
      • Ortografia
      • Terminologia-sorkuntza
      • Euskaltzaindiaren arauak
  • Esaldiak
    • Komunikazioetarako esaldiak
    • Agurrak
  • Idazki ereduak
    • Dokumentuak
      • Hizkuntza irizpideak
    • Oharrak eta kartelak
      • Gomendioak
      • Kartel ereduak
    • Txantiloiak
      • Agurra
      • Faxa
      • Eskabidea
      • Bertaratze-ziurtagiria
      • Agirien ziurtagiria
      • Barne-dokumentuak
      • Tituluen ziurtagiria
      • Ikasleari agiria eskatzeko
      • Erabakia
  • Zer da?
  • Hitz gakoak
  • Bibliografia
  • Egileak

Euskarak balio al du iraintzeko?

2009ko apirileko Campus aldizkarian honako artikulua idatzi zuen Kike Amonarrizek:

Urretxindorra taldeak 60ko hamarkadan ezagun egin zuen "Aitorren hizkuntza zaharra" abestia gogoan baldin baduzue oroituko zarete bigarren estrofa honetaz:

Zein hizkuntza ederra euskera guria

inun ez det aurkitzen beste bat hobia

usai goxodun hizkuntz txukun ta argia

biraorikan ez duen hizketa garbia.

Oso uste zabaldua izan da euskarak ez duela biraorik eta ez duela iraintzeko balio. Euskaldunak horretara behartzen zirenean erdaretara jotzen omen zuten. Kabroia, putakumea eta era horretako itsusikeriarik ez omen zegoen gure hizkuntza "garbian". Euskaldunak zintzoak eta moralitatearen eredu ginen eta horrek isla garbia zuen gure hizkuntzan.

Izorra hadi! Zakila! Alua! Ustel halakoa! Kakitzat! bezalako biraoak hitzetik hortzera entzun ahal izan dira euskaldunen ezpainetan eta eztarri urratuetan mendeetan zehar, erdaretatik inportatutakoekin konpententzia desleialean. Hegoaldean eta neurri batean Iparraldean ere, gaztelaniatik hartutakoak guztiz gailendu badira ere, han eta hemen bizirik jarraitzen dute euskal labeldun biraoek.

Hizkuntza guztietan bezala, birao gehienek jatorri genitala dute. Pertsona nahiz animalien sexu atalak maiz erabili dira irain gisa: zakila, potroak edo pitoa bezalakoetatik etorri dira astazakila, astapitoa edo potroximel bezalakoak. Baita astakirtena, astapistola edo berriki entzundako astametraileta. Iraintzen hasita ez dira gauza bera alua, aluba edo alubita; edo motza eta mutxurdina ...

Euskarak hitz elkarketarako duen gaitasunak binomio deigarriak sortu ditu: artaburu ezagunaz gain, lapazorri, azaostro, sudurtalo edo lepagazta asko aurki daitezke bazterretan.

Lurrak irentsiko al hau! Lupuak jango al hau! edo duela gutxi Gernikako adiskide batek aipaturiko "Txerrimakereak (emeak) jan bahindu, ezkurra hintzenean" oihuek hamaika sestra eta liskar sorrarazi dute.

Iparraldean erabiltzen diren krepauta, afrusa edo pitilia bezalakoek, edo bizkaieratik jasotako koipesto, babazto, taket edo brageterrek mereziko lukete gaur egun dutena baino erabilera zabalagorik.

Nolanahi ere, orain arte neurriko biraorik topatu ez baduzue Antton Olariagari ikasitako hiru zutabeen metodoa gomendatuko nizueke zuen beharretara egokituriko irainak sortzeko. Oso sinplea da: osatu hiru zutabeko taula; lehen zutabean animalia desatsegin baten izena jarri, bigarrenean adjektibo iraingarri bat eta hirugarrengoan indargarri bat eta konbinatu itzazue nahi duzuen gisan. Hona adibide gisa taulatxo bat, zuek osa dezazuen:

Zerri                    gezurti                    halakoa

Asto                     lapur                      madarikatua

Zorri                    zikin                       alaena

Zakur                  alfer                       ustela

Putre                   zital                       nazkagarria

...

Jarioak eta edukiontziak erabiliz ere sor daiteke irain mingarririk:

Lerde                  ontzi                       halakoa

Muki                   kupel                       zornetsua

Zorne                 poltsa                      zikina

Zirin                   zaku                        ustela

Kaka                 kontainer                  nazkagarria

...

Hori bai: irainak erabili baino lehen ... iheserako bideak ondo aztertu ......... Alfer zikin alaenok!